Gure bizitzearen zati bat Francoren agindupean bizi izan dogunontzat, demokraziaren etorrerea, keaz bete-bete egindako gela bateko lehioak zabaldu eta kaleko haize freskoa sartzen uztea lez izan da. Ordura arte dana egoan debekatuta. Ordutik aurrera, barriz, dana edo ea-ea dana zan librea: Librea zan pentsatzea eta iritzi propioak eukitea, librea zan norberak pentsatzen ebana adieraztea, librea zan pentsaera berdineko beste batzuekin elkartu eta alkarregaz jarduera komunak egitea, librea zan alderdi politikoak sortu eta politikan askatasunez aritzea…
Inguruaren aldaketa nabarmen horrek izugarrizko bultzakadea emon euskun sasoi hori geure gaztearoan bizi izan genduanoi. Eta gazte euskaldunoi, bultzakada berezia emon euskun. Askatasun-egoera barriak, gure herriaren, gure hizkuntzearen eta gure nortasun kolektiboaren egoera larriaz konturatuarazi euskuelako. Askatasunaren etorrerearekin begiak zabaldu genduzan eta ordura arte konturatu be egiten ez ginen gauza azkotaz konturatu ginan. Esate baterako, ni euskaldun zaharra naz, baina nire ikasketa guztiak gaztelaniaz egin behar izan nebazan, nire umearoan, euskerea eskolatik baztertuta egoalako. Baina eskolatik ez eze, komunikabideetatik eta gizarte-esparrurik gehienetatik be kanporatuta egoan. Francorekin, ea-ea konturatu be ez ginan horretaz egiten. Askatasun-egoerea behar izan genduan errealitate horretaz jabetzeko.
Une horretan, kontzientziazio prozesu bat bizi neban. Nik euskalduntzat neukan neure burua, betidanik. Euskalduna nintzan, jakina. Baina identitate horri, dimentsio politikoa emoten hasi nintzan. Konturatu nintzan herri handi bat geunkala, Euskal Herria, baina txikitua; baztertua; garatu bakoa. Eta lan asko egin behar genduala herri hau aurrera ateratzeko. Horrela hasi nintzan politikaren munduan geroago eta sakonago sartzen.
Deja un comentario